XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eliza-berri. Eskola eta fedea

Iraila: iratzeen ila edo ilabetea? Ba, bainan oroz gainetik, haur eta gazte ainitzentzat, eskolan hasteko ilabetea.

Egun hotan, gure herriak husten zauzku: haur ttipi zonbait gelditzen dira herri ttipietako eskola ttipietan, bertze guztiak, 10-12 urtetarik goiti, burrustan doazila kantonamenduko herri-bururat edo hiri horietarat, beti handitzen ari diren eskola batzuetarat; geroago eta gehiago ere urrunagoko uniberzitatetarat.

Eskolak gure mendean hartzen duen tokia! Eskola behar dela, edozoin ofizio motetako behar dela zer nahi jakin... Aita-amen arrangura handia: haurren eskolatzea.

Ederki hori.

Bainan aita-ama girixtinoek arrangura bera ote dute haurren girixtino fedean altxatzeaz? Eskolarat igortzen dituzten haur horier, zer laguntza emaiten edo eman-arazten diote, girixtino fedeari buruz?

Gu, lehen kominioneko katiximarekin gelditu gira, eta ez zaut iduri hain gaizki atera girela! Gure haur horrek ere aurten egina du bere kominionea: badu katiximarik aski ikasirik bere biziko.

Hola mintzo diren aita-amak geroago eta gutiago direla, esperantza dut.

Haatik hola pentsatzen balute bezala ari direnak, ni beldur badiren asko!

Duela berrogoi urte, hola zen.

Kominionea egin orduko (edo lehenago berdin!), haur batek eskola uzten zuen, eta behar zuen bere bizia irabazi, etxean edo kanpoan.

Ordutik, lana zen haren eskola.

Bere lanaren eta bizi-moldearen araberako katixima ere bazuen: familian ikasten zuen hura, eta oroz gainetik otoitza, Jainkoa Norbait baitzen gure etxetan; elizan entzuten zuena: apezaren predikuari kasu egiten baitzen, kaseta, radio eta telebixtarik ez zen denboretan.

Baziren ere misioneak, baziren bilkurak, bereziki neskato gaztentzat: zonbat eta zonbat ama familiakok ez diote Kongregazioneari zor, berek ukan duten eta haurreri eman dioten fede azkarra!

Orai bertze molderik baita haatik.

Bertze mende bat, bertze mundu bat.

Gure denborako aski zen katixima hura, oraiko ez da aski.

Oraiko gaztek behar dute bertzerik.

Hamabi urtetako katixima heinarekin nahi ote zinuke utzi, eskoletan beti goiti doan gaztea? Jakitatez argituago, eta beharragoa ere du fedezko gauzez argitzea.

Ikasten ari denari, asko galde jiten zaizko gogorat, gure denboran asmatzen ere ez gintuenak.

Asko gauza entzuten du, bai erakaslen ganik, bai lagunen ganik; asko gauza irakurtzen, liburu eta agerkarietan; eta gertatzen da, gazte bat mila dudetan jartzen dela: Bainan, zer balio ote dute katiximan ikasi ditudanek? Jakitatea ez ote dugu orai hor, erlisionearen ordaintzeko? Erlisionea on zer lehengo jende gibelatuentzat: mundu huntako gorabeheren esplikatzeko, Jainkoa ezartzen zuten orotan; orai aldiz, gure xaharrek mixterioak deitzen zituztenen gakoa.

Edo, ohartzen delarik gure gaztea jakitateak ez duela emaiten eta ez dezakela eman gizonaren galde guzieri arraposturik, galdua bezala dabila, ez jakin norat buruz itzul.

Ez dira gazte guziak holako krisa edo ateka gaixtoetarik iragaiten.

Bainan nor nahiri gertatzen ahal; eta, gisa batez, beharrezkoak dira herstura horiek, fedean handitzeko eta azkartzeko.

Dohatsu, holakoetan, fededun argitu batzuen laguntza kausitzen dutenak.

Eskolak haste.

Igor ditzagun haurrak eskoletarat.

Bainan heien jakitateaz bezenbat griña gaiten heien girixtino biziaz.

J.H.-U.